XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun haietan enfasi berrituz errepikatua zuen bere esaldi zahar bat: Ni zaharturik, gaixoturik, nekaturik, desengainaturik, esetsirik, belzturik eta gaizki ordaindurik nago.

Hala ere, ikusten zuen inork ez zuela sinetsiko, ze katu galdostuaren maniobratan soilik ari zela gobernua sendotzeko zirudien bitartean, egiaz piezaz pieza planeiatzen zen, jeneral buruzagiaren autoritate eta manuaz, Venezuela berreskuratzea helburu zuen makina militarra eta bertatik berriz ere munduko nazio handienen aliantzaren errestaurazioari ekitea.

Ezin zitekeen aukera aldekoagorik pentsa.

Granada Berria ziur zegoen Urdanetaren eskuetan, alderdi liberala porrotean eta Santander Parisen inguraturik zirela.

Ekuatore Floresek segurtatzen zuen, errepublika berri bat sortzeko Kolombiatik Quito eta Guayaquil banatu zituen buruzagi venezuelatar askonahi eta gatazkatsu berak, baina jenerala sinetsirik zegoen bere kausarako berreskuratuko zuela Sucreren asasinatzaileak menperatu ondoren.

Bolivia Santa Cruz mariskalak segurtatzen zuen, bere adiskideak, Aulki Santuaren baitan ordezkaritza diplomatikoa eskaini berria zion adiskideak.

Beraz, berehalako xedea Páez jeneralari, behin betirako, Venezuelaren domeinua kentzea zen.

Jeneralaren plan militarrak Cúcutatik handikiro ofentsiba bat hasteko pentsatua zirudien, Páez Maracaiboren defentsan kontzentratzen zen bitartean.

Baina irailaren lehen egunean Riohachako probintziak armatako buruzagi kargutik kendu, Cartagenaren autoritatea aintzakotzat hartu ez eta venezuelatar aitortu zuen bere burua.

Maracaibok berehalakoan lagundu ezezik, Pedro Carujo jenerala bidali zuten sorostera, irailaren 25eko buruskila, zeinak justiziari ihes egina baitzen Venezuelako gobernuaren babespean.